2008/11/17

ZURA - KIRIBIL (Gor diskak 2008)

"KIRIBIL", Bidasoaldeko ZURA taldearen bigarren diskoa da, euskaraz egindako bossanova diskoa, hain zuzen ere. Bertan, iturri desberdinetatik edaten duen bossanova berritzailea aurkituko dugu: rocka eta funkaren tradizioak brazildar samba eta bossarekin nahasten dira. Orohar, armoniak eta erritmoak brazildar kutsukoak dira, euskara bihurtzen delarik hitzen hizkuntza nagusi. Ikuspuntu berritzaile batetik landutako bossa da beraz, diskoaren muina.

Hitzen mailan, KIRIBIL diskoan maitasuna, itxaropena eta sentimendu goxoak lantzen dira. Hitzak, kantuak bezela, Xabi Strubell-enak dira, Joseba Sarrionandiaren portugesezko poema bati tokia egiten diotelarik, "Propostas para o definiçao do exilio". Gainera, badira portugesezko beste kanta bat ("No mundo dos fugitivos") eta italierazko bat ("Amore").

ZURA, gaur egun, eta zenbait aldeketen ondoren, Xabi Strubell-ek (kitarra eta ahotsa), Nerea Olaxa-k (ahots nagusia), Diego Garcia-k (bateria), Gorka Sesma-k (Kashbad-eko kitarrajotzaile ohia) eta Hans-ek (baxuarekin) osatzen dute.

Diskoko laguntzaileen artean, egungo euskal eszenaren izen garrantzitsuak daude: Eñaut Elorrieta (ken zazpi), Ines (Gose), Anari eta Sorkun. Baita Wemean suitzar taldeko Sabina Leone ere. Musikarien aldetik, Koldo Uriarte eta Gorka Pastor teklatujoleak eta Marc Barnes baxujolea egon dira ere diskoan parte hartzen.

Diskoa estilistikoki kokatzekotan, alde batetik Brasil-en sortzen ari diren musika ildo berriei so egin behar diegu. Bossanova eta brasildar musika herrikoia berritu eta eguneratu duten esperientzien ildotik dabiltza ZURA: Fernanda Porto, Bebel Gilberto edota Moreno Velosoren taldearen ildotik. Bestaldetik, KIRIBIL diskoan badira rock, funk, soul eta jazz ukituak, betiere ZURA-ren estilo pertsonaletik landuak.

No hay comentarios: